DENON ARTEAN DDT BERRIA
Denon artean DDT berria
DDT Banaketak lokal berria ordaintzeko
diru-bilketa.
Bai, horixe, entzuten duzun bezala. Gaizki xamar geratzen den arren eta dirua eskatzea apur bat kutrea bada ere, orain azalduko dizkizuegu gure negarren arrazoiak.
DDT Banaketak talde autogestionatu eta antiautoritarioa gara eta 1989tik kontrakultura sustatzen dugu. Gure lehenengo argitalpena Barricadaren single pirata (“En Nombre de Dios” eta “Bahía de Pasaia”) izan zen, euren diskoetxeak zentsuratu eta guk elkartasunez ateratakoa, Resiste aldizkari antikapitalista laguntzeko. Huraxe izan zen gaur egun arte mantentzen ditugun hamaika disko eta liburu kritikoren abiapuntua.
Ehundaka talde eta liburu argitaratu eta hainbeste kontzertu, liburu azoka, aurkezpen eta hitzaldi antolatu dituen kolektibo politiko batek bizirautea lorpen itzela da, eta gainera, hasierako balio berdintsuekin. Eta belaunaldi berrien erreleboarekin gainera! Nork esan dezake horrelakorik? Horrek erakusten du indartsu eta gogotsu sentitzen garela. Horretaz aparte, Bilbo Zaharrera mugituko gara, Bilbira, gure etxera, gure auzora. Edozein jabe espekulatzailek edo ostalaritza-katek berenganatu baino lehen, guk erosi dugu lokal bat auzoan. Pena handiz, Martzanako lokala utziko dugu, espazio gentrifikatua ere atzean utzita, baina Bilbiko plazan gure izaera propioa izango duen liburu- eta disko-denda berria eraikitzeko gogoz zein ilusioz gaude.
Zifrekin argiak izango gara: lokala erosteko 60.000 € ordaindu ditugu eta 15.000 €ko obra egingo dugu; beraz, 75.000 € lortu nahiko genituzke. Horretarako, bi hilabete izango ditugu aurretik, eta horrekin batera, guztiontzat izango den espazio berri bat sortzeko aukera edukiko dugu. Zuen laguntza ezinbestekoa da!
Gora jabetza kolektiboa!
Bilbok erreferentziazko gune politiko bat izatea nahi dugu, belaunaldiz-belaunaldi dena eman duten militante guztiei zor diegulako; hemen ez daudenengatik, erreleboa hartu dutenengatik eta urte guzti hauetan espazioa babestu duzuen guztiengatik. Musutruk lan egitea zer den badakigulako, beste kolektibo, proiektu, talde edo liburu batzuentzat aritzea. Laburbilduz, merkatu-arauetatik kanpoko proiektu autogestionatuak laguntzea zer den badakigulako.
Asko eskertuko genizueke edozein motatako dohaintza, eta horrez gain, gure mezua ahal bezain beste zabaltzea, mesedez. Bi hilabete ditugu erronka handi honetarako, eta maiatzean festa bat antolatuko dugu lortutakoa ospatu eta eskertzeko; eta noski, denok gonbidatuta zaudete.
Eskerrik asko aldez aurretik, eta besarkada bero bat kolektibo osoaren partez.
DDTk maite zaituzte!
NOLA LAGUNDU AHAL DIGUZU?
DDT Banaketak berria eraikitzeko, baliabideak ez ezik, zure energia ere behar dugu! Hona hemen proiektura batzeko hainbat modu, hobekien datorkizunaren arabera:
- Diruz lagundu: Edozein ekarpen (kopurua edozein dela ere) obren gastuei aurre egiteko motor nagusia da
- Zarata egin (Ahoz aho): Kontatu lagunei, familiari edo bizilagunari.
- Aipatu gaitazu sareetan: Edukia partekatzeak edo @ddtbanaketak etiketatzeak geuk heldu ezin dugun tokietara iristen laguntzen digu. Edozein kolektibotako kide bazara eta modu berezian lagundu nahi badiguzue, jarri gurekin harremanetan e-mail bidez edo sare sozialen bidez
- Eskuak lanera: Zurea ekintza zuzena bada, lagundu gaitzazu lokaleko lanegunetan.
- Kaleak konkistatu ditzagun: Auzotik kartelak jarriz (lokaletan zein kalean) edo kaleak pegatinaz betez.
Guztion artean, espazio aske eta autogestionatua eraikitzen ari gara. Laguntza orok du balioa!